martes, 6 de noviembre de 2012

Euskal unibertsitateak masifikazio gutxien dutenen artean daude         
                                                                                                                                          Itsaso DIEGO 
Espainiako Estatuko unibertsitate-sistema aintzat hartuta, euskal unibertsitateak masifikazio gutxien daukatenen artean kokatzen dira, bataz beste 8,9 ikasle izanik irakasle bakoitzeko. Estatuko bataz bestekoa berriz, 12,4koa da, hala adierazi du Eroski Consumerrek Unibertsitateen Gida Praktikoa-an.

Euskal unibertsitateak banaka aztertuz gero, Deustukoak izan ditu emaitza onenak, 7,2ko ratioarekin. Honen atzean kokatzen da Mondragon Unibertsitatea, 7,8 ikasle izanik bataz beste irakasle bakoitzeko. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) unibertsitate publiko guztien artean onena izan da, 7,9ko ratioarekin. Nafarroako Unibertsitatea izan da euskal unibertsitateen artean Estatuko bataz bestekoa gainditu duen bakarra: ikasgela bakoitzeko bataz beste 13 ikasle daude irakasle bakoitzeko. Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruak garrantzi berezia ematen dio ikasle eta irakasle kopuruen arteko erlazioari, irakaskuntza pertsonalizatuagoa lortzea baita haren zutaberik nagusienetakoa.

Baina masifikazioa ez da gida praktikoan aztertutako alderdi bakarra izan. Ikerkuntza jardunaren arloan, EHUk eta Nafarroako Unibertsitatea dira oparoenak. 2011. urtean Euskal unibertsitateetan defendatu diren 572 doktore-tesietatik, 321 EHUn egin dira eta beste 182 Nafarroako Unibertsitatean. Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei dagokionez, EHU eta Mondragon Unibertsitateak dute eskasia handiena. Bi unibertsitate hauetan 0,2 eta 0,3 AZL daude irakasle bakoitzeko hurrenez hurren. Estatuko bataz bestekoa 0,45ekoa izanik, Nafarroako Unibertsitatea da Estatuko bataz besteko gainditzen duen bakarra, 1,3ko ratioarekin.



Unibertsitateek enpresa arloarekin daukaten erlazioa ere izan du aztergai ikerketak eta arlo honetan nabarmentzekoa da Mondragon Unibertsitate. Ikastegi txikia izan arren, 3.018 ikaslerekin, 600 enpresarekin eginak ditu ikastaldi hitzarmenak. Master ofizialak funtsezkoak izango dira datozen urteetako unibertsitateen arteko lehia gogorren, eta euskal unibertsitateen artean EHU da oraingoz eskaintza oparoena duena, ehun master ingururekin. Deustu eta Nafarroako Unibertsitatean hogeita hamar inguru dauzkate, hogei inguru Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta hamar bat Mondragon Unibertsitatean.



Unibertsitateen ordenagailu hornikuntza kontuan hartu den beste aspektu bat. Arlo honetan unibertsitate publikoak izan dituzte emaitza kaskarrenak, EHUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan 9 eta 12 ikasleren artean banatu behar dute ordenagailu bakoitza. Deustuko unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean aldiz, emaitzak oso bestelakoak dira, hauek ordenagailu bat eskaintzen dute hiru ikasleko.